XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Telebista ikusten duten emakumezkoek

Edorta Aranak idatzia

Telebistari buruzko azterketa koantitatiboa barik koalitatiboa da liburu honetan proposatzen zaiguna.

Zenbat jendek, zenbat denboraz eta zein kanale baino nola, noiz, non eta norekin ikusia izaten den jorratzen ditu Garmendiak.

Gainera, egileak hala erabakita, emakumezkoen ikuspegia lantzen da nagusiki.

Asko dira telebistaren kontsumoari buruz egin izan diren eta gaur egun ere egiten diren azterketak; audimetria oinarri modura hartuta datu multzo ikaragarria lor daiteke.

Ikerketa horietan ikus-entzuleria zenbatuta eta sailkatuta gero, gehienetan, publizitatearen bidezko diru trukerako erabili izaten da.

Ez da hori liburu honen mamia ezta helburua ere. Emakumezkoen egunerokotasunean telebistak jokatzen duen papera eta ohitura hori nola bizi duten gaitzat hartuta abiatzen da orrialde gutxiko idazlana.

Telebistaren aurrean ezartzerakoan gustuko programak aurkitzeak duen garrantziaz gain noiz, non eta nortzurekin ikusia izaten den ikus/ikas dezakegu eztabaida taldea ikerketa teknika modura hartuta buruturiko azterketan.

Gainera, eguneroko ohitura delako emakume gehienentzako, telebistak duen izaera sozialari kasu eginez, kontsumo horren inguruko gratifikazio eskema lantzen da liburuska honetan.

Azkenik, ikuslearen baldintzak eta onarpen mailari kasu egin eta gero, Garmendiak pantailari begira dagoenaren jarrera aktiboa aipatzen du.

Bide etnografiko honetan, gaur egungo emakumezkoaren papera eta portaerak azaltzen dira bete-betean.

Etxean eta sendikoez inguraturiko kontsumo kultural honen bidez, emakumezkoek gizarte osoan zein etxean duten zeregina eta rola islatzen dira.

Egilearen doktoretza-tesia helburu zuen ikerketak, lanaren jatorriak berak hala markatuta agian, bere lehen kapituluetan marko teoriko gisakoa (l eta 2), ikerketa metodoa(3) eta lanerako metodologia (4) arrazoitzen ditu.

Azken kapituluan, aldiz, gorpuzten eta sendotzen da lana. Bertan, aurretik ere liburuan aipatu, eta behin eta berrriro errepikatu, izan diren kontzeptuak zehaztu egiten dira.

Lanaren ardatz tematikoa bere osotasunean ageri da, eztabaida taldeetan isurtzen diren iritzi pertsonalez eta iradokizunez jantziak.